'Sexting'a: zer den eta nola saihestu arriskuak

'Sexting'a: zer den eta nola saihestu arriskuak

Gaur egun pantailak, teknologia eta sare sozialak gauza guztietarako erabiltzen ditugu, baita gure sexu- eta afektu-harremanetarako ere. Entzun duzu inoiz zer den sextinga? Hemen azalduko dizugu modu errazean zer den, nola saihestu arriskuak eta nola gozatu zure harremanekin.

Zer da sextinga?

Sextinga praktika erotiko bat da; Internet bidez argazki eta/edo bideo erotikoak partekatzea. Berdin egin daiteke telefono mugikorraren edo ordenagailuaren bidez ere.

Argazki eta/edo bideo horietan biluzik egoten ahal gara edo ez, selfie moduan atera daitezke edo ez, esplizituak edo ez hain esplizituak izaten ahal dira eta, orobat, bi pertsona edo gehiago egoten ahal dira tartean.

Praktika erotiko honen bidez topaketa positibo eta gozamenezkoa bilatzen dugu. Horretarako, ezinbestekoa da adostutako sexu-praktika izatea eta haren parte diren pertsonen zaletasun eta beharrak kontuan izatea.

Hartara, garrantzitsua da pentsatzea gustura gauden eta hala egon nahi dugun. Era berean, praktika hori modu seguruan egiteak dakarrenaren berri izatea.

Esperientzia txarrak saihesteko

Sextingak arriskuak ditu eta beste praktika erotiko batzuetan bezala, arrisku horiek zein diren jakin behar dugu, haiei aurre egiteko eta/edo saihesten ahalegintzeko.

Hala egiten badugu, berez helburu positiboarekin bilatzen ari garen esperientzia hori esperientzia txarra ez bilakatzea saihestuko dugu.

Beste praktika erotiko batzuetan bezala, denek ez dute gustuko edo atsegin sextinga.

EZ DA SEXTINGA...

Zure argazkiak eta bideoak jendeari igortzen badizkiozu eta haiek zure baimenik gabe partekatzen badituzte

EZ DA SEXTINGA...

Norbaitek, zuri abisurik eman gabe, argazki bat ateratzen badizu edo bideo bat grabatu, eta zure baimenik gabe partekatzen badu

EZ DA SEXTINGA...

Haustura edo gatazka baten ondotik, zure bikotekide ohiak eduki pribatua argitaratzen badu, zuri baimenik eskatu gabe

EZ DA SEXTINGA...

Zuri xantaia egiten ari bazaizkizu, zure gorputzeko edo praktika erotikoetako argazkiak partekatzera behartuz edo mehatxatuz.  Edo, xantaia edo mehatxu baten ondotik, pertsona horrek zuk igorri diozun edukia partekatzen badu

 

Norbaitek zure baimenik gabe argitaratu edo partekatzen baditu irudi nahiz eduki pribatuak (hala nola zure gorputzaren zatiak edo praktika erotikoak) eta mehatxu egiten badizu, EZ DA SEXTINGA. Delitua da, gaur egungo legerian ageri dena.

Baldin badakizu edo ikusten baduzu halako edukia zure inguruan edo sare sozialetan baimenik gabe partekatzen ari direla, ez ezazu partekatu, ez ezazu esan atsegin duzula edo ez ezazu birtxiokatu.

'Sexting'a izanen da zuk hala egin nahi baduzu. 'Sexting'a izanen da adostutakoa bada

Praktika erotiko seguruak egin nahi izanez gero

Gomendio hauek lagungarriak izaten ahal dira:

  • Gehien erabiltzen ditugun aplikazio eta sare sozialak ez dira sextingerako seguruenak.
  • Bereizi behar dira profil pribatuak profil sozialetatik. Seguruagoa da horretarako bakarrik erabiliko den kontu bat sortzea eta hura ez lotzea ez zure izenari, ezta zure edozein datu pertsonali ere.
  • Ez erakutsi zu identifikatzeko moduko gorputz-atalak (sortze-seinaleak, tatuajeak, piercingak...). Ezta zure nortasun-markak ere, hala nola zure objektuak, ile-ebakerak edo zu identifikatzeko moduko ezaugarriak. Eta inola ere ez aurpegia.
  • Erreparatu non egiten dituzun argazkiak edo bideoak; ez dadila zu identifikatzeko moduko gauzarik agertu. Esate baterako: zure gelan zaudela erakusten duten argazkiak, posterrak edo apaindurak.
  • Berrikusi edukiak igorri baino lehenago: argazkiak eta bideoak moztu eta moldatu ditzakezu.
  • Ezaba itzazu argazkiak eta/edo bideoak, behin partekatu eta/edo ikusi ondoren, zure mugikorraren eta/edo PCaren bidez inor haietan sar ez dadin. Gorde nahi badituzu, bila itzazu aplikazio seguruak.
  • Landu ezazu erotika irudimenaren bidez, eta kontuan izan zernahi direla sedukziorako eta kitzikapenerako bideak genitalitatetik haratago. Horretarako, ez da beti beharrezkoa ageriko irudiak erakustea.
  • Gure harreman afektibo-sexualak batzuetan alda edo buka daitezke eta horrek gatazkak sor ditzake pertsonen artean. Garrantzitsua da errespetatzen ikastea gure amodio-bizitzaren parte izan direnekin partekatutako konpromisoak. Horrek lagunduko digu harreman berdinzale, osasungarri eta seguruagoak izaten.

'Sexting'a modu seguruan praktikatu nahi baduzu, informa zaitez. Praktika segurua izateko, zentzuz eta adostasunez jokatu, eta har itzazu beharrezkoak diren babes neurriak

Argibide gehiago:

videos

Pantaila lagunen dekalogoaren bideoa (gaztelaniaz)
23/06/2021

Pantallas Amigas

Zer da sextinga? (gaztelaniaz)
23/06/2021

Conseyu de la Mocedá del Principáu d'Asturies

Nafarroako Gazteriaren Institutua
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua