Joko-arauak

Joko-arauak

Harremanak izateak berekin dakar elkar aurkitzea: gure desirak, itxaropenak, gure intimitatea, gure gorputza partekatzea, besteengana irekitzea...

Eta orobat dakar desadostasunak izatea eta moduak bilatzea akordioak lortzeko, gatazkak konpontzeko eta zer partekatu nahi dugun eta zer ez adosteko. Horretarako, ezinbestekoa dugu zenbait baldintza betetzea, hori erraztuko digutenak eta geure burua zaintzen lagunduko digutenak.

Harreman afektibo-sexualetarako ETIKA irizpide etiko batzuek osatzen dute, pertsonen eskubideak babesteko balio behar digutenak eta pertsonarteko harremanak hobetzeko bidea eman behar digutenak.

Irizpide horiek giza eskubideak dituzte oinarri eta pertsona guztiei dagozkie, zeinahi direla ere ezberdintasun ideologikoak, erlijiokoak, arrazakoak, kulturakoak, sexukoak, generokoak, sexu-orientaziokoak, identitatekoak, edo beste zeinahi.

Haiei esker, modu onuragarri, osasungarri eta gogobetegarrian bizi ditzakegu gure harremanak, engainutik, manipulaziotik edo instrumentalizaziotik babesten ditugularik.

Geure burua eta gure harremanak zaintzeko adosten ditugun joko-arauak dira. Pertsonen arteko harremanetan erabili beharreko printzipio etikoak dira. Helburu dute harremanak bidezkoak, begirunezkoak eta berdintasunezkoak izatea, eta tratu oneko harreman atseginak ahalbidetzea.

Joko-arauak

1

Pertsona guztiak berdinak gara, zeinahi dela ere gure sexua eta hura bizitzeko modua, baita intimitate-harremanetan ere.

2

Sexu- edo/eta maitasun-harremanak izanen ditugu, baldin eta beste pertsonak edo beste pertsonek nirekin izan nahi badituzte.

3

Ez ditut nire asmoak gordetzen, ez dut engainatzen, ezta manipulatzen ere.

4

Topaketa izanen dugunon ongizaterako eta gozamenerako, ezinbestekoa da guztion gustuak, plazera eta mugak zaintzea. Plazerak ere partekatua izan behar du.
5 Nire osasuna zaintzen dut, eta harremanak izateko aukeratzen ditudan pertsonak ere bai.
6 Besteari berarekin topaketa bat izan nahi dudala esan diezaioket, edo nire bikotekidea izateko eska diezaioket... Ezin dut inor horretara behartu.
7 Badakit zein diren nire bizitzako helburu eta lehentasunak, eta harremana izateko aukeratzen ditudan pertsonenak ere bai. Elkarri laguntzen diogu helburu horiek lortzen, eta pertsona gisa hazten. 

 

Zaintzak ezinbestekoak dira hazteko eta heltzeko; elkarrekin gaudenean ere bai.

 

Nafarroako Gazteriaren Institutua
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua